Gizarte Ekintzako Ahalduna, Sergio Murillo, San Ignazioko eguneko arreta zentrora joan zen urriaren 17an, zentroko argazkilaritza egokituko tailerreko kideek elkarrizketa bat egiteko. Harekin batera izan ziren Asier Alustiza, autonomia pertsonalaren sustapenerako zuzendaria eta Iurdana Izurza, saileko aholkularia nagusia.
Elkarrizketa aldez aurretik prestatua zegoen. Guztien artean adostu zuten zer galdetuko zioten. Beraz, Aspace Bizkaiako presidenteak harrera egin ostean, galderekin hasi ziren. Elkarrizketa osoan zehar, argazkilaritza tailerrekoek hainbat argazki egin zituzten.
Hasteko, eguneroko lanaren inguruan galdetu zioten. Ahaldunak azaldu zuen lanaldi luzea daukala. Gainera, kontatu zigun ostegunak kaltera irteteko erreserbatuta dituela, jendea ezagutu eta haiekin egoteko, gizarte politikaren helburuak zeintzuk diren ez ahazteko.
Bere ibilbide profesionalaren inguruan ere galdetu zioten, nola heldu den ahaldun izatera. Horrela, jakin genuen futbol entrenatzailea izan zela. Bestalde, baganekien autonomia pertsonalaren sustapenerako zuzendari nagusia izan zela 8 urtez. Enpresa batean hasi zen lanean, ikuskaritza-lana egiten, baina laster aldatu zuen pertsona nagusien egoitza batera lanera joateko. Lan horretara itzultzeko asmoa dauka administrazio publikoko ibilbidea bukatzean.
Ahaldun izateko alderdi politikoren bateko kidea izatea derrigorrezkoa den galdetu zioten. Erantzun zuen bera EAJ alderdikoa dela, baina badaudela hiru ahaldun alderdi batekoak ere ez direnak. Eguneroko lanari buruz hitz egiten jarraitu zuten, eta ea kalea edo bulegoa duen gustukoago. Esan zuen kaleko lana gehiago maite duela, baina horrekin lotuta, bulegoko lana ere egin beharrekoa dela, gizarte ekintzako politikak landu ahal izateko.
Elkarrizketaren une erlaxatu batean, lagun artean, galdetu zioten ea maskotarik daukan, zeintzuk diren bere zaletasunak, eta abar. Ahaldunak erantzun zuen oso atsegin duela irakurtzea, beraz, Irakurketa Errazeko tailerrera gonbidatu zuten.
Elkarrizketaren ostean kalera irten ziren, taldeko argazkia egitera. Olaia izan zen argazkilaria, eta sakagailu bati eta bluetooth sistemari esker, bera ere argazkian irten zen.
Esperientzia oso ona izan da, gure jakin-mina asetzeko aukera izan dugulako, eta Sergio oso atsegina izan delako. Zuen hurrengo bisitan beso-zabalik hartuko zaituztegu. Eskerrik asko guztiagatik.