GARUN-PARALISIA DUTEN PERTSONEI LAGUNTZEKO BIZKAIKO ELKARTEAREN ESTATUTUAK
1. ATALA.- ERREGIMENA ETA IZENA
1. Art.- 1978ko martxoaren 30ean inskribatutako 1.024 erregistro zenbakidun ASPACE BIZKAIA, Garun paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartearen Estatutuak aldatu egin dira, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan, Elkartzeko Eskubidea Arautzekoan, eta Eusko Jaurlaritzak onartutako ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskadiko Elkarteei buruzkoan, xedatutakoa betez eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9 eta 10,13 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Irabazi asmorik gabeko elkarte honek kontuan hartuko ditu aipatutako Elkarteen Legeak, Estatutu hauek (Legearekin kontraesana ez dagoenean), bertako gobernu organoen xedapenak (Lege horren eta bere Estatutuen kontrakoak ez direnean) eta Eusko Jaurlaritzak onartutako erregelamenduzko xedapenak (osagarriak izango dira).
2. Art.- Izena: 1978ko martxoaren 20an sortutako erakunde juridikoak ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartea izena jaso du, Konstituzioaren 22. artikuluari eta Espainiako Kode Zibilaren 35. eta ondorengo artikuluei helduta.
ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartea onura publikotzat aitortu zen 1982ko urtarrilaren 28ko Ministroen Kontseiluaren erabakiaren bitartez.
3. Art.- Izaera: ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkarteak izaera propioa dauka, bazkideak aparte utzita, eta indarreko legedian eta Estatutu hauetan jasotako eskubide eta betebeharren jabe izateko gaitasun osoa du.
4. Art.- Lurralde Eremua: Elkarte honen ekintza-eremua Bizkaiko Lurralde Historikoaren osotasunera mugatzen da.
5. Art.- Iraupena: Iraupen mugagabea izango du, desegiteko legezko edo estatutuzko kausarik izan ezean.
6. Art.- Egoitza Soziala: Elkartearen egoitza Soziala Bilbon dago, Julio Urquijo kaleko 17 zenbakiko etxabean. Zuzendaritza Batzordeak erabaki ahal izango du Bilbo barruko beste tokiren batera lekualdatzea.
II. ATALA.- XEDE, HELBURU ETA BALIABIDEAK
7. Art.- Xedeak: Honakoak dira Elkartearen xedeak:
a) Garun-paralisia duten pertsonak bizitzako arlo guzti-guztietan gizarteratzea.
b) Haien gaitasunak eta bizi-segurtasuna ahalik eta gehien garatzea.
8. Art.- Helburuak:
a) Espainiako Konstituzioan, Autonomia Estatutuan eta gainontzeko indarreko araudian garun-paralisia duten pertsonei dagokienez xedatzen den guztia bete eta zaintzea.
b) Organismo eskudunek garun-paralisiari eragiten dioten arazoak konpontzera bideratutako arau juridikoak aldarrika daitezen sustatzea.
c) Garun-paralisiak senideengan eragiten duen problematikari erantzun eraginkorrak bilatzea.
d) Garun-paralisia duten pertsonen interesak ordezkatzea, kudeatzea eta defendatzea.
e) Botere publikoek erantzukizunak har ditzaten aldarrikatzea, garun-paralisiaren berariazko konponbide praktikoak martxan jartze aldera, bai zuzenean, bai beste erakunde edo organismoen bitartez, behar besteko finantza, teknika eta giza arloetako baliabideak eskainita.
f) Gizarte osoaren mentalizazioa lortzea, garun-paralisia duten pertsonak onar ditzan eta horien eskubideak onartu eta gauzatzean lagun dezan.
9. Art.- Baliabideak:
a) Laguntza, hezkuntza, lan, etxebizitza edo gizarte arloetan xede eta helburuak lortzeko beharrezko zerbitzu egokiak sustatzea edo, behar denetan, sortzea.
b) Egoera bakoitzean beharrezko diren informazio, ikerketa, plangintza, laguntza tekniko, baliabide atzipen eta bestelako zerbitzuak sortzea.
c) Beharrezkoa den kasuetan, garun-paralisia duten pertsonen legezko tutoretza sustatzea.
d) Garun-paralisia duten pertsonen guraso, tutore edo senideei bideratutako harrera, orientazio eta prestakuntza zerbitzuak sortzea.
e) Garun-paralisia duten pertsonen eta euren senideen arazoak ezagutarazteko propagandarako bide legal guztiak erabiltzea.
f) Baliabide guztien (giza zein materialen) etekin handiena lortzea, unean uneko beharrizanetara egokitzeko profesionalen taldeaz baliatuz.
g) Erakunde publiko zein pribatu ezberdinekin kolaboratzea, ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartearen xede eta helburuak lortze aldera, betiere, elkartasun printzipioan oinarrituta.
h) Aipatutako xede eta helburuak, zuzenean zein zeharka, erdiesten lagunduko duen beste edozein baliabide.
III. ATALA.- BAZKIDEEI BURUZ
ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
10. Art.- Elkarteko kide izan daitezke hala nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, betiere, honako baldintzak betetzen badituzte:
- Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea, nork bere eskubidea erabiltzeko ezein baldintza legalen menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez gaitasuna mugatuta ez izatea.
- Tutoretzapean edo zaintzapean dauden pertsonen kasuan, euren gaitasuna ordeztu edo osatu behar duten pertsonen egiaztatutako baimena izatea, baina ezin izango dute gobernu organoaren kide izan, ezta Elkartearen ordezkari ere.
- Pertsona juridikoen kasuan, organo eskudun baten berariazko adostasuna izatea, bazkidetzeko nahia adierazita eta bera ordezkatzeko pertsona fisiko bat izendatuta.
- Elkarteko kide izan nahi dutenek idatziz adierazi beharko dute eta “bi pertsona bazkidetu arruntek” abalatutako eskaria aurkeztu Elkarteko Presidentearen aurrean, honek Zuzendari Batzordeari jakinaraziko dio eta egokia dena ebatziko du.
Hiru bazkide mota daude:
- Arruntak: garun-paralisia eta antzeko gaitzak dituzten pertsonak edo garun-paralisia eta antzeko gaitzak dauzkaten pertsonen legezko ordezkapena edo zaintza duten pertsona fisiko edo juridikoak.
- Laguntzaileak: aurreko artikuluan xedatutako baldintzak bete gabe, Elkartearen xede eta helburuak lortzen eta Elkartea mantentzen laguntzen duten pertsona fisiko eta juridikoak. Bazkide laguntzaile izaera Zuzendaritza Batzordearen adostasunaren menpe egongo da.
- Ohorezkoak: Elkartearen mesedetan ohiz kanpo kolaboratu duten pertsona fisiko edo juridikoak. Horien egoera ohorezkoa baino ez da eta, beraz, ez dute kide izatearen egoera juridikorik, ezta Elkarteko Gobernu eta Administrazio organoetan parte hartzeko eskubiderik ere, edozein betebeharretik libre utzita.
11. Art.- Bazkide arrunten eskubideak: Bazkide arrunt diren pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Batzar Nagusietan hitz eta botoa izateko eskubidea erabiltzea eta, horretarako, beste bazkide arrunt batzuei euren ordezkaritza ematea. Garun-paralisia eta antzeko gaitzak dituzten pertsonek euren kontura erabili ahal izango dute boto eskubidea edo garun-paralisia eta antzeko gaitzak dituzten pertsona bakoitzaren legezko ordezkari edo egitezko zaintzaile bakarraren bitartez. Hau da, garun-paralisia eta antzeko gaitzak dituzten pertsona bakoitzeko boto bat.
b) Estatutu hauekin bat etorrita, Elkartearen organoetan parte hartzea eta bertan hautesle eta hautagai izatea. Eskubide hau erabiltzeko aurreko atalean (a hizkia) ezarritako irizpideak jarraituko dira.
c) Elkartearen zerbitzuak erabiltzea, beretzat edo bere kargura dauden garun-paralisidun pertsonentzat, bakoitzaren xedeen arabera eta hartarako xedatutako arauak betez.
d) Zuzendaritza Batzordera eta Batzar Nagusira proposamenak igortzea eta erakundearen funtzionamendu eta kontrolean esku hartzea, ezarritako barne-arauen arabera.
e) Elkarteen Legearen edo Estatutuen kontrako hitzarmen eta ekintzak aurkatzea, aurkatutako hitzarmenaren edukia ezagutu (edo ezagutzeko aukera izan) den egunetik zenbatzen hasita berrogei egun naturaleko epean.
f) Gobernu organoen osaketaren eta Elkartearen ordezkaritzaren berri izatea, baita horren kontu-egoeren eta jarduera-egoeraren berri izatea ere.
g) Edozein momentutan Elkarteko gainontzeko kideak ezagutzea, baita sarrera eta gastuen kontuen egoera eta horren jardueraren garapena ezagutzea ere.
h) Indarreko legedian aurreikusitako bazkideen fitxategian barne hartua izatea eta, izatekotan, Elkartearen ikurra erabiltzea.
i) Estatutuen eta, izatekotan, Barne Erregimenaren Araudiaren ale bat edukitzea eta zuzendaritza organoen aurrean eskari eta kexak aurkeztea.
j) Gizarte ekimen kolektiboetan parte hartzea eta bazkideen erabilera komunera bideratutako elementuez (lokal soziala, liburutegiak, …) gozatzea, Zuzendaritza Batzordeak kasu bakoitzean xedatutakoa betez.
k) Diziplinazko neurriak hartu baino lehen idatziz nork bere burua entzunaraztea eta neurriok eragin dituzten kausen berri izatea. Kausek betebeharrak ez konplitzeak eragindakoak izan behar dute.
l) Edozein momentutan elkartea uztea, betetzeke dauden konpromisoei kalterik eragin gabe.
12. Art.- Bazkide arrunten betebeharrak: Bazkide arrunt diren pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Elkartearen xedeak erdiesteko era aktiboan lan egitea.
b) Kuoten, derramen eta Batzarrak erabakitako beste ekarpen batzuk eginez gastuen mantenuari laguntzea.
c) Estatutu hauek zein Elkarteko organoek hartutako erabakiak errespetatu eta betetzea.
13. Art.- Onarpen eta bajak: bazkideak onartzea edo kanporatzea Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Onartzeko gehiengo sinplea behar da eta kanporatzeko bertaratu zein ordezkatutako kideen botoen bi heren.
Baja borondatezkoa edo Zuzendaritza Batzordeak erabakia izan daiteke, baldin eta bazkideak betebeharrak behin eta berriro konplitu ez baditu edo Elkartearen xede eta helburuen kontrako ekintza larriak burutu baditu. Berau idatziz jakinaraziko zaio bazkideari. Interesdunari entzun ondoren hartu beharko du Batzordeak erabakia eta interesdunak, behar denetan, Batzar Nagusira jo ahal izango du, honek Zuzendaritza Batzordearen erabakia berretsi edo atzera bota dezan.
ZEHAPEN ARAUBIDEA
14. Art.- Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu, baldin eta horrek Estatutuak edota Batzar Nagusiaren edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak behin eta berriro bete ez baditu.
Zehapenok 15 eguneko eskubideak galtzetik behin betiko kanporatzera bitartekoak izan daitezke.
Helburua hori izanik, Presidentetzak ikerketa hasiko du, zigorgarriak diren jarrerak argitze aldera. Ekintzok Idazkaritzak burutuko ditu eta neurri egokienak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari. Zigorrok Zuzendaritza Batzordeak ezarriko ditu, aurrez interesdunak esan behar duena entzunda.
Beti arrazoitua izango den erabaki horren aurrean, interesdunak Batzar Nagusira jo dezake, 11.e) artikuluan aurreikusitako ekintzak gauzatzeari kalterik eragin gabe.
BAZKIDE IZAERA EDUKITZEA ETA GALTZEA
15. Art.- Honako kasuetan galduko da bazkide izaera:
- Heriotzagatik (edo, pertsona juridikoen kasuan, desegiteagatik).
- Borondatez elkartea uzteagatik.
- Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita, zehapena jaso eta kanporatua izateagatik, honako arrazoietako bat dagoenean: Estatutu hauetatik eta Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakietatik eratorritako betebeharren hauste larria, errepikatua edo berariaz egindakoa.
16. Art.- Bazkide batek 15.3 artikuluak xedatutako arau-hausteren bat egiten badu, aurrez izapide jakin batzuk egiteko agindu ahal izango dio Presidentetzak Idazkariari (beharrezko informazioa eskuratze aldera) eta, hala, Presidentetzak ekintzak artxibatzea eskatu edo zehapen-espedientea irekiko du.
17. Art.- 15.3 artikuluan jasotako edozein egoeragatik zehapen-espedientea irekiko balitz, Idazkariak, gertakariak aurrez konprobatuta, interesdunari idazki bat igorri beharko dio egozten zaizkion karguak adierazita. Honek 30 eguneko epea izango du erantzuteko eta bere buruaren defentsan egoki deritzona argudiatzeko. Epea igarota, edozelan ere, Zuzendaritza Batzordearen hurrengo saioko Gai-zerrendan barne hartuko da eta, bertan, bertaratutakoen gehiengoaren “quorum”aren bitartez erabakia hartuko da.
Kanporatze-erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta burutzen den lehenengo Ezohiko Batzar Nagusian horren kontrako errekurtsoa aurkezteko aukera duela adieraziko zaio. Hiru hileko epean Batzar Nagusirik burutzen ez bada, berariaz antolatu beharko da bat helburu horretarako. Bitartean, erruztatuaren bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du Zuzendaritza Batzordeak eta, Zuzendaritza Batzordeko kide izanez gero, karguaren etenaldia agindu beharko du.
Kanporatze-espedientea Batzar Nagusira igarotzen bada, Idazkariak laburpena idatziko du, Zuzendaritza Batzordeak erruztatuak aurkeztutako idazkiaren eta gertatutakoaren berri behar bezala eman diezaion Batzar Nagusiari, Batzordeak egoki deritzon ebazpena egite aldera.
18. Art.- Beti arrazoitua izango den kanporatze-erabakia interesdunari jakinarazi beharko zaio eta honek, erabakia Lege edo Estatutuen kontra dagoela irizten badu, dagokion eskubidea erabilita, Auzitegietan helegitea aurkeztu ahal izango du.
19. Art.- Bazkide bati Elkartea uzteko erabakia jakinaraztean, borondatez izan zein zigorraren ondorioz izan, Elkartearekin egiteke dituen betebeharrak konpli ditzan eskatuko zaio.
IV. ATALA.- GOBERNU ORGANUEI BURUZ
20. Art.- Organoen zerrendaketa. Elkartea autogobernu sistemak zuzenduko du, honako organoen bidezko ordezkapen printzipioan oinarrituta:
a) Batzar Nagusia, organo gorena.
b) Zuzendaritza Batzordea, behin betiko zuzendaritzarako organo kolegiatua.
c) Batzorde Betearazlea, Zuzendaritza Batzordearen ordezko organoa.
21. Art.- Batzar Nagusiaren izaera eta osaketa: Batzar Nagusia Elkarteko organo gorena da eta bazkide guztiek osatzen dute, nork bere borondatea bertan islatuz. Bertan hartutako erabakiek kide guztien (bertaratu ez direnak eta disidenteak barne) gaineko botere betearazlea izango dute.
22. Art.- Batzarraren ordezkaritza: Bazkide batek Batzar Nagusira joan ezin badu, beste bazkide baten edo familia unitateko senide baten esku utzi ahal izango du bere ordezkaritza. Ezin izango da inola hiru ordezkari baino gehiago izan.
Ordezkaritza idatziz aurkeztu beharko da eta Batzarra osatutakoan Zuzendaritza Batzordeko ordezkariari horren berri eman.
23. Art.- Batzar motak: Batzar Nagusiak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke. Biak ala biak Zuzendaritza Batzordeko Presidenteak edo estatutuak jarraituz berau ordezkatzen duenak nagusituko ditu, Idazkaria bertan izango da, baita Zuzendaritza Batzordeko gainontzeko kideak ere.
24. Art.- Batzar Nagusiak burutzea: Ohiko Batzar Nagusia urtean behin bilduko da, urteko lehen hiruhilekoan, eta Ezohiko Batzar Nagusia hala behar den guztietan, bazkideen herenak eskatuta edo Zuzendaritza Batzordeak erabakita.
25. Art.- Batzar Nagusietara deitzea: Zuzendaritza Batzordeak deituko ditu Batzar Nagusiak, gutxienez, berau burutuko den eguna baino hamabost egun lehenago. Deialdian honako datu hauek jaso beharko dira: batzarra burutuko den tokia, data eta ordua , baita jorratuko den Gai-zerrenda ere.
Hogeita hamar egun lehenago aldizkari bat bidaliko zaie bazkideei, bertan Zuzendaritza Batzordea uzten duten kideak adierazita. Aldizkaria Elkartearen bulego nagusira igorri beharko da Batzarra burutu baino astebete lehenago.
Batzar Nagusian bertan edozein bazkide aurkeztu ahal izango da Zuzendaritza Batzorderako hautagai izateko, aurretik nahikoa hautagai aurkeztu ez badira edo horiek hautatuak izan ez badira.
26. Art.- Batzar Nagusien eraketa: Batzar Nagusia baliozki eratuta egongo da lehenengo deialdian, bertaratutako zein ordezkatutako bazkideen erdiak gehi bat biltzen direnean.
Bazkideak ez bertaratzeagatik gehiengorik eskuratu ezin denean, bigarren deialdiko Batzarra bilduko da, edozenbat bazkide bertaratu direla ere. Batzar hau egun berean ere egin daiteke, betiere gutxienez ordu erdiko tartea igaro bada eta aurretiaz deitu bada.
27. Art.- Erabakien erregimena: bertaratutako eta ordezkatutako bazkideen botoen gehiengoaren bitartez hartuko dira erabakiak Hala eta guztiz ere, bazkideen bi herenen aldeko botoa behar da honako erabakietan:
a) Estatutuak aldatzea.
b) Elkarteen federazio bat eratzeko edo eratuta dagoen federazio batean sartzeko erabakiak.
c) Ondasunak eduki edo besterentzeari buruzko erabaki edo neurriak.
d) Elkartea borondatez desegitea.
Batzar Nagusi guztietan akta jasoko da eta bertaratutakoen kopurua, jorratutako gaiak eta hartutako erabakiak jasoko dira. Idazkariak idatziko du akta, Presidenteak oniritzia emango dio eta akten ziurtagiria jasoko da, baita bertan jasotako erabakien frogak ere, eta behar denetan prozedura bera erabiliz igorriko dira.
Legearen kontrako erabakiak baliogabetzeko ekintzen kalterik gabe, Estatutuaren kontrakoak diren Elkartearen erabaki eta ekintzen aurka egin dezakete bazkideek, erabakiok hartu diren egunetik berrogei eguneko epean, bertan behera uztea eta behin-behinean etetea eskatuta edo Prozedura Zibilaren Legean xedatutako izapideen bitartez uzi biak metatuta.
28. Art.- Batzar Nagusiaren eskumenak: Honako hauek dira Batzar Nagusiaren eskumenak:
a) Elkartearekin ekintza-plan orokorra onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuak aztertu eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f) Presidentea, idazkaria, diruzaina eta, egongo balitz, gobernu organo kolegiatuko gainontzeko kideak hautatzea eta kargutik kentzea, baita horiek gainbegiratu eta kontrolatzea ere.
g) Beste elkarte batzuekin federatu eta konfederatzea edo federazio/konfederazio bat uztea.
h) Ondasun higiezinak edukitzea edo horiek besterentzea onartzea.
i) Gobernu organoaren kideen ordainketa erabakitzea, hala behar denetan.
j) Ohiko edo ezohiko kuotak zehaztea, eskumen hau gobernu organoari igorri ahal izango dio Batzar Nagusiak aurretik berariaz adostuta.
k) Bazkideak behin betiko kanporatzea erabakitzea.
l) Beste gizarte organo bati egokitzen ez zaion gainontzeko edozein eskumen.
29. Art.- Ezohiko Batzar Nagusiaren eskumenak: Honako hauek dira Batzar Nagusiaren eskumenak:
a) Elkartearen Estatutuak aldatzea.
b) Elkartea beste antzeko Erakundeekin federatzea.
c) Elkartea borondatez desegitea eta Batzorde Likidatzailea izendatzea.
d) Ohiko Batzar Nagusiaren eskumenekoak izan arren, berau burutu arte atzeratzea komeni ez diren gainontzeko gaien gaineko erabakiak.
30. Art.- Zuzendaritza Batzordearen izaera: Zuzendaritza Batzordea Elkartearen behin betiko ordezkaritza eta gobernu organoa da, Batzar Nagusiaren xedapen eta zuzentarauen arabera.
31. Art.- Zuzendaritza Batzordearen eraketa: Zuzendaritza Batzordea gutxienez zazpi eta gehienez hamaika kidek osatuko dute, guztiak bazkide arruntek hautatuak.
Gutxienez Presidentea, Presidenteordea, Idazkaria, Diruzaina egongo dira eta gainontzeko batzordekideak.
Zuzendaritza Batzordeko kide izatearen kargua doakoa eta ohorezkoa izango da.
Euren funtzioak betetzen sortutako gastuak ordaindu ahal izango zaizkie, baldin eta dagozkien fakturen ziurtagiriez egiaztatzen badituzte eta beharrezkotzat hartzen badira.
32. Art.- Zuzendaritza Batzordea hautatzeko prozedura: Bazkide arrunten artean boto kopururik handiena jasotzen dutenak hautatuko dira Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, hartarako, Estatutu hauetako 11. artikuluko b atalean eta 25. artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztu beharko dituzte euren hautagai-zerrendak.
33. Art.- Jarduketa eta ordezkapen aldia: Zuzendaritza Batzordeko kideen agintaritza aldia sei urtekoa izango da gehienez.
Zuzendaritza Batzordea uzten duten kideak bi urte igarota aurkeztu ahal izango dira berriro Zuzendaritza Batzordeko hautagai izateko.
Bi urterik behin Zuzendaritza Batzordeko kideen herena berriztatu beharko da, agintaritza bukatu duten kideak aldatuta, borondatezko dimisioa edo kargu-uztea dagoenean salbu.
Bete gabe dauden postuak Zuzendaritza Batzordeak baino ezin izango ditu bete behin behinean, baldin eta Batzordean zazpi kide baino gutxiago geratzen badira
Plaza hutsak betetzeko Batzarrak aukeratutako Batzordekideek beren postuetan jarraitu ahal izango dute Batzar Nagusian Zuzendaritza Batzordea berritu arte eta, Batzar Nagusi horrek berretsiz gero, ezin izango dute ordezkatuko dituzten Batzordekideen agintaritza gainditu.
34. Art.- Zuzendaritza Batzordeak batzordekide guztien artetik bozketa bidez aukeratuko du Presidentea.
35. Art.- Funtzionamendua: Ohiko Zuzendaritza Batzordea hilean behin bilduko da gutxienez eta ezohikoa, ordea, Presidenteak berak hala erabakitzen duen guztietan edo batzordekideen herenak sinatutako idazki baten bidez hala eskatzen dutenean. Horrelakoetan, idazkia jaso den hurrengo zortzi egunen epean deitu beharko du Zuzendaritza Batzordea Presidenteak.
Zuzendaritza Batzorderako deialdiak idatziz burutuko dira, Gai-zerrenda berariaz jasota, gutxienez berau burutu baino berrogeita zortzi ordu lehenago.
36. Art.- Zuzendaritza Batzordeko kideek derrigorrez bertaratu behar dute bilera horietara. Bertaratzea posible ez balitz, dagokion desenkusa adierazi beharko diote Presidenteari.
Zuzendaritza Batzordean parte hartzeko aurrez aurre bertaratu edo beste batzordekide baten ordezkaritza bidal daiteke, hartarako nahikoa izanik ordezkatuak gerora hori berrestea.
Zuzendaritza Batzordeko kide bat aurrez jakinarazi gabe edo justifikatu gabe hiru (kontsekutibo) edo bost (tarteka) bileratara joaten ez bada, errekerimendua jaso ahal izango du Batzordearen eskutik eta, erantzunik ematen ez badu, Batzordea utzi duela ulertuko da.
Batzordean jorratutako gai guztiak isilpeko informazio izango dira. Kideren batek isilpeko izaera hori ez errespetatzea huts larria izango da eta, beraz, behar denean, Batzordetik kanporatuko da, honek egoki deritzon aldirako.
37. Art.- Erabakien erregimena: Zuzendaritza Batzordearen erabakiak bertaratutakoen gehiengoak hartuko ditu. Erabakiak hartu ahal izateko batzordekideen erdiek egon beharko dute bertan.
Berdinketarik egonez gero, Presidentearen botoa ebazlea izango da.
38. Art.- Batzordeak eta Ordezkariak: Elkartearen jarduerak hobeto eta eraginkorrago garatze aldera, Zuzendaritza Batzordeak batzordekide, bazkide eta pertsona zehatzek osatutako Komisioak izendatuko ditu jarduera arrunt edo ustekabekoak garatu eta gauzatzeko.
Komisio bakoitzak bere lanak burutuko ditu, Batzordeak ezarritako gidalerroei jarraituz eta Gerentziarekin etengabe koordinatuta lan eginez.
Halaber, Zuzendaritza Batzordeak eskumena dauka bazkideen artean eskualdeko ordezkariak izendatzeko, zeintzuek Elkartearen interesetarako onuragarri den kanpaina eta propaganda oro sustatuko duten dagokien herrian. Ordezkari hauek Zuzendaritza Batzordeetan parte har dezakete.
39. Art.- Batzorde Betearazlea: Batzorde betearazlea Zuzendaritza Batzordeko Presidenteak, Presidenteordeak, Idazkariak eta Diruzainak osatuko dute. Zuzendaritza Batzordeak agindutako erabaki eta ordezkaritzak betetzea izango da horren funtzioa.
40. Art.- Zuzendaritza Batzordearen funtzioak: Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordeari dagozkion funtzioak:
a) Batzar Nagusiak hartutako erabakiak gauzatzea.
b) Batzar Nagusia deitzea eta Memoria, Balantzea eta ohiko zein ezohiko Aurrekontuak aurkeztea.
c) Batzar Nagusiari hautagai posibleen izenak proposatzea.
d) Politika eta irizpide orokorrak garatzea, bai ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkarte osoarenak, bai zerbitzu ezberdinenak; hala nola, Batzar Nagusiak hartutako erabakien esparruan epe labur, ertain eta luzera lortu beharreko helburuak.
e) Zerbitzu berriak sor daitezen edo lehendik daudenak alda daitezen onartzea.
f) ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartearen menpeko langile guztien lan-baldintzak izendatu, sailkatu eta zehaztea.
g) Ondarea administratzea eta behar diren baliabideak eskuratzea.
h) Elkartearen funtzionamendu egokirako komenigarritzat jotzen diren esleipenak Gerentziari lagatzea.
i) Elkartearen eskumeneko edo intereseko izan daitekeen edozein gai planteatu eta erabakitzea, baldin eta estatutuz edo legez beste organo bati ez badagokio.
41. Art.- Presidentearen funtzioak.
a) Momentu oro Elkartearen ordezkari izatea eta bertako estatutu zein legezko arauak betetzen direla ziurtatzea.
b) Zuzendaritza Batzordeak deitu eta zuzentzea, bertan hartutako erabakiak betetzeko aginduta.
c) Zuzendaritza Batzordeko kideen artean Presidenteorde, Idazkari eta Diruzain izango direnak izendatzea.
d) Elkartearen intereseko diren eta haren egunerokotasunari zein gobernatzeari dagozkien dokumentuak bere eta Batzorde Betearazleko dagokion kidearen sinaduraz baimentzea.
Sinatu behar duen Batzorde Betearazleko beste kidea honako hau izango da kasu bakoitzean:
– Bileretako aktak eta ziurtagiriak betetzeko: Idazkaria.
– Kontabilitate liburuak osatzeko: Diruzaina.
– Fondoak erabiltzeko: Diruzaina.
e) Ezohiko kasuetan, behar dena zehaztea, baldin eta berehalakotasunagatik Batzar Nagusia, Zuzendaritza Batzordea edo Batzorde Betearazlea deitu ezin bada, betiere Estatutuetan oinarrituta eta hurrengo lehendabiziko bileran Zuzendaritza Batzordeari erabakiaren berri emanda.
42. Art.- Presidenteordearen funtzioak:
a) Presidentea ordezkatzea hau aldi baterako kanpoan denean, gaixo dagoenean edo postua bete gabe dagoenean.
b) Presidentearenak izanda ere, ordezkari gisa bere esku hartzen dituen funtzio guztiak.
43. Art.- Idazkariaren funtzioak:
a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen saioetako aktak idaztea eta Presidentearekin batera horiek sinatzea.
b) Akten Liburua bete eta zaintzea.
c) Aktetan partikularren ziurtagiri eta frogagiriak igortzea, Presidentearen oniritziaz.
d) Bazkideen fitxategia behar bezala eguneratuta izatea.
44. Art.- Diruzainaren funtzioak:
a) Elkartearen fondoak zaintzea.
b) Zuzendaritza Batzordearekin batera, dagokien liburuetako kontabilitate-eragiketa guztien erregistroaren eta liburuen beraien gaineko ardura hartzea.
c) Balantze partzialak eta ekitaldi bukaerako balantzeak gauzatzea.
d) Bere sinaduraz Elkartearen ordainketak baimentzea.
e) Kontularitza dokumentuak betetzea eta Presidenteak sina ditzan igortzea.
f) Kontuen Egoera orokorrak aurkeztea eta kontabilitate dokumentu guztietan esku hartzea.
45. Art.- Batzordekideen funtzioak: Zuzendaritza Batzordeko kargu guztien laguntzaile izango dira Batzordekideak eta, behar denetan, aldez aurretiko erabakiaz, horien ordezkari izango dira, kargu bakoitzak esleituta dauzkan eskubide eta betebehar bertsuekin.
V. ATALA.- ELKARTEAREN ERREGIMEN EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA FUNDAZIOAREN ONDAREA ETA AURREKONTU ERREGIMENA
46. Art.- Elkartearen hasierako ondarea 0,00 eurokoa da.
47. Art.- Baliabide ekonomikoak: Honako hauek izango dira Elkartearen ondare-baliabideak osatzen dituztenak:
a) Bazkideen kuotak.
b) Jasotzen diren dohain eta legatuak.
c) Erakunde publiko eta pribatuetatik jasotzen diren diru-laguntzak.
d) Ondasun higigarri eta higiezinak.
e) Ondasun horien errenta edo interesak.
f) Xede eta helburuak betetzera bideratuta jasotzen den beste edozein ekarpen.
48. Art.- Aurrekontuak eta Balantzeak: Zuzendaritza Batzordeak, ekitaldi ekonomiko bakoitza bukatutakoan, igarotako tartearen gaineko memoria eta balantzea burutuko du eta urte bakoitzeko abenduaren 31n itxitako kontuak aurkeztuko ditu, baita hurrengo urteko sarrera eta gastuen aurrekontua ere. Dokumentu horiek Batzorde Orokorrean onartuko dira, egokitzat jotzen badira.
VI. ATALA.- ESTATUTUEN ALDAKETAK
49. Art.- Aldaketak egiteko prozedura:, Ezohiko Batzar Nagusiaren erabakia betez baino ezin izango dira Estatutu hauek aldatu edo ordezkatu, horretarako, aurrez Zuzendaritza Batzordeak proposatuta edo Elkarteko bazkide arrunten bi herenek gutxienez idatziz eskatuta, azken honek behar bezala arrazoituz.
VII. ATALA.- ELKARTEA DESEGIN ETA LIKIDATZEARI BURUZ
50. Art.- Desegitea: Honako kausen eraginez desegingo da Elkartea:
a) Bazkideen borondatez, Ezohiko Batzar Nagusian adierazi eta bertaratu zein ordezkatutako bazkideen bi herenek emandako aldeko botoaz.
b) Indarreko legedian zehaztutako kausak direla medio.
51. Art.- Batzorde Likidatzailea: Zuzendaritza Batzordeko kideek eta Ezohiko Batzar Nagusian aukeratutako hamar pertsonak osatzen duten Batzorde Likidatzaileak burutuko du Elkartearen likidazioa. Elkarteak izaera bera mantenduko du likidazio-aldian ere.
Kitatzeke zeuden kreditu eta zor guztiak likidatuta, Batzar Nagusia deituko da eta honek ebatziko du soberan egon daitekeen zenbatekoa ASPACE BIZKAIA, Garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko Elkartearen antzeko helburuak dituen Bizkaiko Lurralde Historikoko beste irabazi asmorik gabeko erakunde bati ematea.
Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek BEZari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauaren 20.3 artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu.
Elkartetik jasotako baliabideak ezin izango dira inola bazkideen artean banatu.