Aspace Bizkaiak Bai Sareak datozen hilabeteetarako diseinatu duen estrategiaren aurkezpen-ekitaldian antolatutako mahai-inguruan parte hartu du. Topaketan berdintasunaren alde lan egiten duten enpresak, elkarteak eta erakundeak bildu ziren, esperientziak, ikaskuntzak eta etorkizuneko erronkak partekatzeko.
Mahai-inguruan, Aspace Bizkaiak berdintasunaren arloan egindako ibilbidearen zati bat aurkezteko eta gaur egun lantzen ari den lan-ildo nagusietako batzuk azaltzeko aukera izan zuen. Bereziki, administrazio publikoek eskatzen dituzten politika eta esparru desberdinei —berdintasuna, euskara, kontziliazioa, kalitatea, 2030 Agenda eta beste hainbat— koherentzia eta zentzua emateko erakundean egiten ari den hausnarketa estrategikoa partekatu zen.
Aspace Bizkaiatik azaldu zen azken urtean antolaketa- eta sinplifikazio-lan garrantzitsua egin dela, erakunde osoarentzat ulergarria izango den hizkuntza eta diskurtso komun bat eraikitzeko. Horretarako, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) helburu zehatzagoetan eta meta konkretuetan lurreratu dira, erakundearen nortasuna definitzen duten balioekin zuzenean lotuz.
Adibide gisa, duintasunaren balioaren inguruan egindako hausnarketa partekatu zen. Balio hori pertsona oro bere izate hutsagatik garrantzitsua dela aitortzean oinarritzen da. Ikuspegi horrek lotura zuzena du aukera-berdintasuna, inklusioa eta pertsona guztien parte-hartzea sustatzen dituzten helburuekin. Aldi berean, ikuspegi intersekzionala txertatzeko aukera ematen du, pertsona bakoitza bere errealitate, bizipen eta ezaugarri anitzez osatuta dagoela aitortuz eta horiek guztiak ikusgarri egin behar direla azpimarratuz.
Hausnarketa horrek erakusten du neurri berberak ez direla beti egokiak pertsona eta familia guztientzat. Familia-errealitateak askotarikoak dira, eta behar desberdinak dituzte. Ez da gauza bera familia homoparental bat, familia monoparental bat, seme-alaba biologikoak dituen familia bat edo adopzioaren nahiz harreraren bidez osatutako familia bat. Aniztasun hori erakundeen politiketan eta neurrietan txertatzea datozen urteetako erronka nagusietako bat izango da.
Topaketa honek beste erakunde batzuekin ikaskuntzak partekatzeko aukera eman zuen, eta aldi berean, erakunde inklusiboagoak, berdinzaleagoak eta pertsonen aniztasunarekiko sentikorragoak eraikitzeko modu berriei buruz elkarrekin hausnartzeko aukera ere eskaini zuen.
Aspace Bizkaiak eskerrak eman nahi dizkio Bai Sareari gonbidapenagatik eta ekitaldi honetan parte hartzeko aukera emateagatik. Horrelako espazioek gure praktikak berrikusten, ikuspegi berriak txertatzen eta defendatzen ditugun balioekin gero eta koherenteagoak diren erantzunak eraikitzen laguntzen digute. Esperientzia aberasgarria eta oso atsegina izan da.

