Aspace Bizkaiak baliabide teknologiko berriak eta ekipamendu espezializatua gehitu ditu garun paralisia duten eta laguntza behar handiak dituzten neska-mutilen arreta indartzeko. Hobekuntza hau “Aspace Bizkaian autonomia eta haurren ongizaterako teknologia eta ekipamendua” proiektuaren barruan kokatzen da, eta 2025ean garatu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesari esker.
Proiektua Arreta Goiztiarreko Zerbitzuan, 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako esku-hartze espezializatua eskaintzen duen zerbitzuan, eta Elguero Haur eta Lehen Hezkuntzako Hezkuntza Bereziko Ikastetxean (Elguero HBIP) garatu da, derrigorrezko eskola-etapan garun paralisia duten ikasleei arreta ematen dien zentroan. Bi zerbitzuak Aspace Bizkaiaren laguntza espezializatuen sarearen parte dira, eta Bizkaiko hainbat udalerritatik etorritako haurrak artatzen dituzte.
Ekimen honi esker, esku-hartze terapeutiko eta hezitzailearen kalitatea zuzenean hobetzen duten ekipamenduak txertatu dira. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuan PCEye 5 begi-irakurgailua, Look to Learn lizentziarekin, integratu da. Teknologia honek begirada komunikazio eta ikaskuntza tresna bihurtzen du. Baliabide honi esker, mugikortasun-afekzio larria duten neska-mutil askok ingurunearekin elkarreragin dezakete, lehentasunak adierazi, komunikazio handigarriaren sistemak hasi eta saio terapeutikoetan modu aktiboan parte hartu.
Elguero HBIPan, berriz, camilla altxagarri elektriko bat eta garabirako ekipamendu osagarria gehitu dira. Baliabide hauek transferentzien segurtasuna eta ikasleen kokapen egokia hobetzen dute, bereziki afekzio motriz handiagoa duten kasuetan. Horri esker, fisioterapia-esku-hartzeak baldintza ergonomiko hobeetan egin daitezke, segurtasuna, zehaztasun teknikoa eta haurren erosotasuna handituz.
Proiektuaren garapen-aldian 35 adingabe garun paralisiarekin izan dira onuradun zuzenak: 0 eta 6 urte bitarteko 20 neska-mutil Arreta Goiztiarreko Zerbitzuan, eta Elguero HBIPan eskolatutako 15 adingabe, horietako askok laguntza behar handiak eta mendekotasun maila altuak dituztelarik.
Baliabide hauek ez dute jarduera berri baten hasiera ekarri, baizik eta arreta espezializatua garatzeko baldintzen hobekuntza kualitatiboa. Ekipamendu honi esker, zerbitzuek gaitasun handiagoa dute esku-hartze seguruagoak, irisgarriagoak eta haur bakoitzaren beharretara egokituagoak eskaintzeko.
Proiektu honekin, Aspace Bizkaiak aurrera egiten jarraitzen du inklusioaren eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoan, afekzio maila handiena duten haurrengan eragin handiena duten oztopoak murriztuz eta ingurune terapeutiko eta hezitzaileetan komunikazioa, parte-hartzea eta ongizatea sustatzen dituzten laguntzak bermatuz.


