Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, dela eta, Aspace Bizkaiak hainbat ekintza egin ditu indarkeria matxista ikusarazteko, berdintasuna sustatzeko eta emakume guztiek indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea dutela gogorarazteko, bakoitzaren gaitasunak edozein direla ere.
Aurten, arreta berezia jarri du garun paralisia eta beste desgaitasun batzuk dituzten emakumeen errealitatean, haien egoerak ikusezin izaten jarraitzen baitu. ASPACE Konfederazioaren datuen arabera, garun paralisia duten emakumeen % 71,2k genero-indarkeria jasaten du bizitzan zehar, eta % 5,9k baino ez du salatzen.
Sentsibilizazioa eta irisgarritasuna, ahots guztiek garrantzia izan dezaten
Abian jarritako ekimenen artean, Aspace Bizkaiak Emakunderen azaroaren 25eko kanpaina piktogramekin egokitu du, informazioa eskuragarriagoa izan dadin eta mezuak hobeto ulertzeko aukera emateko.

Horrez gain, sentsibilizaziorako bi bideo zabaldu ditu: «Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak garrantzia du». Bideo horrek bereziki mutilei eta gizonei dei egiten die indarkeriaren prebentzioan inplikatzera, beste alde batera ez begiratzera eta jarrera matxisten aurrean jarrera hartzera. Bigarren bideoak, «Nire ahotsa, nire eskubideak» izenekoak, desgaitasuna duten emakumeengan jartzen du arreta, beren gorputzen gainean erabakitzeko, ahotsa entzuna izateko eta edozein indarkeria motatik libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatuz.
Egunerokoan presente dagoen konpromisoa
Indarkeriaren prebentzioa eta berdintasunaren sustapena Aspace Bizkaiaren eguneroko lanaren parte dira. Konpromiso hori lantzeko, erakundeak 2026-2028ko III. Berdintasun Plana eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa ditu, genero-berdintasuna helburu duen Garapen Jasangarrirako 5. Helburuaren esparruan.
Jardunaldi hau dela eta, Aspace Bizkaiak barne-konpromisoa ere indartu nahi izan du, langileak eskubideak eta protokoloak ezagutzera eta partekatzera animatuz, Berdintasunarekiko Konpromiso Pertsonala sinatzera gonbidatuz eta indarkeria-zantzuen aurrean adi egotearen garrantzia azpimarratuz. Konfidentzialtasun Aholkularitza eta Berdintasun Batzordea entzuteko, laguntzeko eta orientatzeko prest daude.
Berdintasuna eta edozein indarkeria motaren prebentzioa guztion ardura dira. Pertsona guztiok gara konpromiso honen parte.
Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak garrantzia du.
